Thumbnail

Adimen artifizialarekin sortutako irudia. Adobe Firefly.

Group I
Date -
Origin -
Brand -
Source AdobeFireFly
License Copyleft

IA (Adimen Artifiziala)

Adimen artifizialeko hainbat proiektu ari dira Gipuzkoan garatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Gipuzkoako Sareari laguntzeko programa bat onartu du, eta horren barne, Giza eta Gizarte Zientzien arloan adimen artifizialeko teknologiak hizkuntzaren teknologiei aplikatzeko ildo espezifiko bat dago.

Proiektu hori bereziki garrantzitsua da euskara adimen artifizialaren testuinguruan garatzeko. Era berean, Adimen Artifizialeko Euskal Zentroak (BAIC) erakunde bazkideek Gipuzkoan garatu dituzten adimen artifizialeko erabilera-kasuak aurkeztu ditu, horien artean, ibilgailu elektrikoen autonomia iragartzeko eta optimizatzeko sistema, Vicomtech-en garatutako adimen artifiziala erabiliz.

Adimen artifiziala normalean giza adimena eskatzen duten zereginak egiteko diseinatutako sistema teknologikoa da, adibidez, aurreko esperientzietatik ikastea, arazoak konpontzea, ereduak ezagutzea, erabakiak hartzea, hizkuntza prozesatzea eta ikusizko informazioa interpretatzea. Adimen artifiziala algoritmoetan eta datu-bolumen handietan oinarrituta funtzionatzen du. Horiei esker, makinek pertsonen antzera “pentsatu” eta jokatu dezakete, baina askoz ere azkarrago eta zehatzago, zeregin espezifikoetan.

Hala ere, adimen artifizialaren zenbait erabilera problematikoak dira generoaren ikuspegitik. Adibidez, langileak hautatzeko edo finantza-zerbitzuak eskuratzeko prozesuetan erabiltzen diren adimen artifizialeko programek emakumeak diskriminatzen dituzten alborapenak erakutsi dituzte. Adimen artifiziala entrenatzeko erabiltzen diren datu-multzoetan emakumeak azpiordezkatuta daude eta, horren ondorioz, sistemak ez dira ekitatiboak. Horrekin batera, zailtasun bereziak daude emakumeen ahotsa ezagutzeko eta emakumeen aurpegiak detektatzeko, batez ere azala ilunagoa denean. Bestalde, ahots-laguntzaileen ahotsak, nagusiki, emakumeenak dira. Hori problematikoa da, emakumeen ahotsak alderdi emozionalarekin, besteen zerbitzari izatearekin eta atseginarekin lotzen direlako (alderdi arrazionalarekin, independentearekin edo asertiboarekin lotu ordez). Era berean, eduki bisualak sortzen dituzten adimen artifizialek genero-estereotipoak erreproduzitzeko joera dute eta, horrela, emakumeak sexualizatu eta mugatzen dituzte. Askotariko txatbot edo laguntzaile birtualek eta hizkuntza-ereduek (ChatGPTk, adibidez) genero-aurreiritziak betikotzen dituztela ikusi da, emakumeei rol estereotipatuak ematen dizkietelako.

Bestalde, adimen artifiziala nagusiki emakumeen eskuetan dauden enpleguak automatizatzen ari da, esate baterako, lanpostu administratiboak eta bulegokoak, eta horrek haien lan-egonkortasuna arriskuan jartzen du. Gainera, emakumeek parte-hartze txikia dute adimen artifizialeko sistemen garapenean (adimen artifizialeko espezialisten % 9,1 baino ez da emakumea), eta horren ondorioz, ez dira alborapenak zuzentzen.

Nolanahi ere, aurrerapen positiboak ere badaude. Adimen artifizialak bultzatutako tresna batzuek, esate baterako, kontratazio-plataforma batzuek, inpartzialtasunari garrantzia ematen diote, eta pertsonen trebetasunak eta kualifikazioa neurtzen dituzte, generoari begiratu beharrean. Horrek alborapenak ezabatzen laguntzen du. Sistema horiek emakumeentzako lan-aukera ekitatiboak bermatzen dituzte eta lantokietan aniztasuna sustatzen dute, hautagaitzak lorpenen arabera aztertzen dituztelako. Adimen artifizialak bultzatutako hezkuntza-plataforma batzuek, hala nola Courserak eta Udacityk, banakako beharretara egokitutako ikaskuntza-esperientzia pertsonalizatuak eskaintzen dituzte, eta emakumeei hezkuntzarako oztopo tradizionalak gainditzen laguntzen diete, edukia beren ikaskuntza-erritmora eta -estilora egokitzen baitute. Adimen artifiziala emakumeen segurtasuna handitzeko ere erabiltzen, besteak beste adimen artifizialak bultzatutako alerta-sistemak eskaintzen dituzten aplikazioak eskuragarri daudelako, baita segurtasun gutxiko eremuak arakatzen dituzten edo larrialdietako laguntza eskaintzen duten tresnak ere.