
Ley (Legea)
Era berean, seme-alabak zaintzeko 3 urtera arteko eszedentzia hartzeko aukera ere bada, lehen urtean lanpostua gordeta. Horrekin batera, 12 urtera arteko adingabeak zaintzeko lanaldia murriztea eska daiteke eta lanetik ordubetez irteteko eskubidea dago (bi zatitan banatuta), haurrak 9 hilabete bete arte.
Baina ez da beti horrela izan. Industrializazioaren lehen etapetan, eta XX. mendea ondo sartu arte, kontziliazio-eskubiderik ia ez zegoen edo eskubide horiek oso mugatuak ziren. Industrializazioaren garaian (XIX. mendearen amaiera - XX.aren hasiera), ez zegoen ordaindutako amatasun-baimenik, emakumeek erditzen ziren egunera arte lan egiten zuten askotan, eta handik gutxira itzultzen ziren lanera. Ez zegoen haurdunaldiagatiko edo amatasunagatiko kaleratzearen aurkako babesik, eta lan-baldintzak osasungaitzak eta arriskutsuak izaten ziren haurdunentzat. Lehenengo erregulazioak XX. mendearen hasierakoak dira. 1900ean, erditu ondorengo 3 asteetan emakumeen lana debekatzen zuen lehen legea onartu zen. Eta 1907an, lanaldian edoskitzeko ordu bat izateko eskubidea ezarri zen. 1900eko martxoaren 13ko Legeak lantegietan, tailerretan eta meategietan emakumeek eta 10 urtetik beherako haurrek lan egitea debekatu zuen. Bigarren Errepublikan (1931-1936), derrigorrezko amatasun-asegurua sartu zen eta ezkontzagatik edo haurdunaldiagatik kaleratzea debekatu zen. Frankismoaren garaian (1939-1975), 1944an, erditzearen aurretik eta ondoren 6 asteko nahitaezko atsedena ezarri zen, baina emakumeek ezkontzean edo seme-alabak izatean lana uztea sustatzen zen. Demokraziarako trantsizioan, 1978ko Konstituzioak berdintasuna ezarri zuen legearen aurrean, sexuagatiko diskriminaziorik gabe. 1980an, Langileen Estatutuak 14 asteko amatasun-baimena sartu zuen. XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran, gaur egun ditugun aldaketak gertatu ziren. 1989an, amatasun-baimena 16 astera luzatu zen; 1999an, 2 eguneko aitatasun-baimena sartu zen indarrean;, eta 2007an, Berdintasun Legeak aitatasun-baimena 13 egunera luzatu zuen. Bestalde, historikoki, banku batzuek, Banco Guipuzcoanok adibidez, jaioberrientzako aurrezki-libretak irekitzen zituzten, bezeroak fidelizatzeko estrategia gisa. Proposamen horrek seme edo alaba baten jaiotza eta familiaren finantza-plangintza lotzen zituen. Libretek hasierako gordailu bat izaten zuten, bankuak oparitua, eta epe luzeko aurrezkia sustatzen zuten, haurraren etorkizuneko gastuetarako. Era berean, lotura goiztiarra sortzen zuten familiaren eta banketxearen artean. Jokabide horrek familia-plangintzaren ikuspegi tradizionala islatzen zuen, lehentasunezkoa izaten baitzen seme-alaben etorkizunerako aurreztea. Hala ere, laneko kontziliazioan eta genero-roletan izandako aldaketekin, banku-estrategia horiek ere eboluzionatu egin dute eta gaur egun finantza-produktu dibertsifikatuagoak eta genero-rol tradizionalei horrenbeste begiratzen ez dietenak erabiltzen dira.