
Alpargata (Espartina)
Azkoitia izan zen industria horren gune nagusia; bertan bildu ziren espartingile onenak. Kalean egiten zuten lan, gaur egun ondare historikotzat jotzen diren mahaiak erabiliz. Gizonak, emakumeak eta haurrak aritzen ziren lanean. Lanbidea artisautza tradizionaletik industrializazioaren hastapenera bilakatu zen, eta aztarna ezabaezina utzi zuen euskal kulturan eta janzkeran.
Ehungailuek berebiziko garrantzia dute espartingintzan, funtsezkoak baitziren takoiaren barne-zolak eta goiko aldea ekoizteko. XX. mendearen hasieratik, ehungailuak lihoa, kotoia edo zeta ehuntzeko erabiltzen ziren; hainbat kolore eta ehunduratako hariak konbinatzen zituzten, eta horrek produktuari balio kulturala eransten zion.
Ehungintzaren eta oinetakogintzaren industrializazioa XIX. mendean hasi zen Euskal Herrian. Gipuzkoan, bereziki Errenterian, ehungintzako hainbat lantegi sortu ziren 1845 eta 1859 urteen artean, eta haietan emakume askok egiten zuten lan. Hain zuzen ere, emakumeek berebiziko garrantzia izan zuten ehungintzan eta oinetakogintzan XIX. eta XX. mendeetan Gipuzkoan. Ez dago daturik espartinak egiten zituzten emakumeen kopuruari buruz. Baina jakin badakigu Errenteriako “Sociedad de Tejidos de Lino” lantegiko (Fabrika Handia izenaz ezagunagoa) ehungailu gehienak emakumeek erabiltzen zituztela. Fabrika Handiak 1845ean ireki zituen ateak, eta udalerriaren industrializazioari hasiera eman zion. 1850ean, 500 langile zituen.